Anboto astekarian 2024.02.09an argitaratua. 

Aste hau Santa Ageda koplen martxan hasi dogu eta mozorrotzeko gogoz ekingo deutsagu asteburuari. Jai giro horretan murgildu orduko, zer pentsatu emoteko asmoz, zutabe honetara nire hausnarketatxoa partekatzera nator.

Aberria ez da gauza abstraktua; niretzat, maite dodazan pertsonek osotzen dabe aberria. Neurri baten, familiaren antza dauka aberriak… ez da bakarra, ezta onena ere ez, eta ahuleziak igerten deutsadaz… baina asko maite dot. Hori horrela izanagatik ere, edo hobeto esanda, horregatik hain zuzen ere, besteen aberria ere errespetatu eta adeitasunez tratatzera behartuta sentitzen naz.

Aberri bezala, zoriak garai batzuk bizitzea egokitu deusku. Niri eta zeuri, irakurle estimatu hori, honexek jagokuz. Aberrigintzan, familiagaz bezala, garai bakoitzean errealitateari konpromisoz erantzutea jagoku, eskuzabaltasunez, maitasunaren adierazle nagusi bezala. Ez dago benetako maitasunaren neurri hoberik, egitea eta ekitea baino.

Sarri askotan, konpromiso falta argudio ideologikoetan mozorrotzen da… eta hortxe dago historiaren epaiaren langa. Langa gaindituz, garai historiko bakoitzean aberriak izan dauzan erronkei heldu eta erantzukizunetik tiraka ibili diranak dagoz, beti, arrakasta gehiagogaz edo gitxiagogaz; egindakoaren damurik ez daukienak eta eukiko ez dabenak. Horreexek gura dodaz nik nire bizitzan, familian eta aberrigintzan. Izan ere, aberria eta familia, ez dira perfektuak, baina maite doguzanak dira. Horregatik, indar barriz, egiteko eta ekiteko garaia da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *