Anboto astekarian 2025.12.12an argitaratua.

Gaur, euskal administrazio publikoan 150.000 langile baino gehiago dagoz. Aurreikuspen guztien arabera, hurrengo bost urteetan, seitik batek erretiroa hartuko dau. Kopuru handia izateaz gain, euren ordezkapenak Herri administrazioak euskalduntzeko aukera historikoa dakar. Aldiz, abagune honetan Lan Eskaintza Publikoetan euskara gaitasunak eskatzeko mugak eta epaiak dira nagusi.

Penaz heltzen deutsat gai honi gaurkoan, besteak beste, Euskararen Legeak, 1982koa danak, bideratutako afera dalako (6. eta 14. artikuluetan) eta 43 urte beranduago, puri-purian egoteak asko penatzen naualako. Penaz, zelan ez!, orduko kontsentsu zabala berresteko zailtasunak ikusten dodazalako, eta penaz, baita ere, gure erakundeekaz gure hizkuntzan jarduteko eskubidea aldarrikatu behar izatea nekagarria dalako.

Gurea bezalako Herri txikietan, langile publikoen hizkuntza gaitasunen eztabaida beste maila baten egon behako litzateke. Esaterako, langile publikoen ingelesaren ezagutzaz eztabaidatu behar geunke, mundu zabaleko azken jakintza eskura euki dagien zerbitzu publikoa modu eraginkorrenean gauzateko. Baita benetazko osasun- edo hezkuntza-inklusioan, etorkinen hizkuntzen gitxieneko ezagutza izateak euki daikean garrantziaz hausnartu ere. Aldiz, argi dago, beste maila batean gagozala.

Leave a Reply