Anboto astekarian 2026.03.06an argitaratua.
Munduaren historia eta gizadiaren garapena inmigrazioak zeharkatzen dauz, baita gure Herri eta eskualdeko historia eta garapena ere. Hori horrela izanagatik ere, giza-erlazioak eta mundua ulertzeko modu batek, euskal izaera deitu daikegunak, iraun dau Pirinioen alde bietan, Kantauri itsas bazterrean. Horregatik, historiako momentu hau oso katramilatsua izan arren, garenetik ulertzen jarraitu behar dogu gertatzen jakuna.
Garen horri heldu nahian, aurten 500 urte betetzen dauzan 1526ko Bizkaiko Foru Barrira jo dot. Badira garai hareetako kontestutik baino ulertu ezin daitekezan pasarteak. Beste batzuk aldiz, egungotasun itzela daukie, hiritartasunarena esaterako. Bizkaitar hareentzat, bertan jaio, bizi edo jarduten ebenei, dan-danei, bizkaitar lez jagokezan eskubide eta betebehar guztiak aintzatesten eutsezan. Neurri batean, gaur egungo hitzetan, hiritartasun unibertsala onartzen jaken bertan bizi ziranei, mendetasunik sortu barik.
Historiaren zama barik, izanaren gida garaiotan jarduteko. Euskaldun izatea hizkuntza bat izateaz gain, giza-erlazioak eta mundua ulertzeko modu bat ere bada. Garen eta daukagun hori, egunero barriztatzeko erantzunkizuna daukagu.