Anboto astekarian 2024.10.04an argitaratua.

Hainbat agerkarik etorkin kopuruaren aipamena egin dau azken hilean, gai barria izango balitz lez… eta ez, gure gizartea mendeetan zehar beste herri eta kulturekaz hartuemonetan egon izan da. Azken datuetara joz gero, Durangaldean zein Euskadin, mende honetan urtez urte izan dogu euskararen herrietatik kanpo jaiotako biztanleriaren laurden bat baino gehixeago, %27a hain zuzen ere. Etorkin kopurua, beraz, ez da nabarmentzekoa.

Kopuru horren baitan erabakiorra da ezaugarrien aldaketa, gero eta urrunagotik datozelako, zentzu fisikoan zein kultura eta erlijiosoan. Hor bai, hor daukagu erronka. Mende hasieran Durangaldean zail egoan Europa ez dan leku baten jaiotako pertsonaren bat topatzea, %0,58a ziran… gaur egun, barriz %6,21a dira (eta erantsi daiogun horri, datu ofizialetan jasotzen ez diran errolda bakoak).

Datu eta analisi hotzetatik haratago, maila pertsonaletik begiratuta, aniztasun gitxi dakusat lagunarteetan, dala norbere koadrilan, dala nire ingurukoen seme-alaben parkeko lagunen artean. Eskolan bai, eskolan badagoz. Lantokian ere badaukadaz lankide anitzagoak. Aldiz, horreek ez dira oso-osoan aukeratutako giza-kontestuak, erakundetutako esparruak baitira. Benetazko alkar-bizitza ez da hor jokatzen, gure auzoetan, gure plazetan baino; esparru formaletatik kanpo.

Horregatik, gure plazak jai giroaz betetzen doguzan asteotan -Iurretakoen ostean etorriko dira Durangoko jaiak- egin daigun ahalegintxoa aniztasuna alkarbizitza bihurtzen eta gure Herri(eta)ko adierazpen behinenetan islatzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *