Anboto astekarian 2023.09.29an argitaratua.
Irailak emoten deutso ikasturteari hasiera… eta ekinaldi barriak hasten doguzan honetan, ia-ia ikusiezinak diran ekarpenak azpimarratu gura dodaz agerkari honetan.
Euskaltegietan dagoz nigan lilura sortzen daben ekarpen batzuek. Euskararen sendotasunari hiztun bakoitzak ekarpen handia egiten badeutso, euskaldun barrien ola diran euskaltegiak euskararen bizi iturri amaigabea dira. Hori horrela izanda, txalotu egin behar dogu doakotasuna bermatzeko finantzazio publikoa bideratzea. Eta txalogarria da, baita ere, funtzio hori betetzen daben euskaltegi guztietako ikasleek trataera bardina jasotzea, salbuespen barik, bai udal euskaltegietako ikasleek bai gizarte ekimeneko euskaltegietako ikasleek.
Azken ñabardura honi joako gaurko azpimarra. Izan ere, gizarte ekimeneko hainbat erakunde dago gure gizartean, iraganeko erronkei herri lez emon deutsagun erantzunaren testigu. Gizarte ehun horrek, gorputzeko giharrek bezala, erabiliaz mantentzen dau bere erantzuteko gaitasuna, eta horregatik, betetzen daben funtzioa erakunde publikoetatik bermatu eta alkarreraginezko harremana sortu behar da… euskaltegietan bezala.
Beste esparru batzuetan igarten diran ordezkatze prozesuak hasteko tentaldien aurrean, gogoan izan daigun, gizarte ehun hori izango dala erronka barrien aurrean herri lez erantzuteko izango dogun gaitasunaren hazia. Bada, joan bekie hemendik, ikasle, irakasle eta gizarte ekimeneko erakundeei ikasturte barrirako hauspoa. Zuentzat ekinaldi barri honen lehen azpimarra!