Anboto astekarian, 2018.03.16an argitaratua.
Durangaldeko elizateetan egin, eta gorde, izan da Dantzari-dantza osotzen daben dantzen zikloa. Horren barruan agintariena izenez ezagutzen dana datzatu ohi da lehenengo.
Tradizio errotu honek zintzo iraun dau, garaian garaiko gizartera moldatuz, elementu zaharkituak edota desegokiak alde batera itziz, eta gizarteak onartutako beste batzuk bereganatuz. Horren adierazle behinena dogu, emakumeek ere tradizio horretan dantzari jardutea gaur egun. Historiaren joanak, tradizio honetan izandako isladak, irauteko garatu beharrean gagozala jakin arazten deusku, erroan garenari muzin egin barik.
Herri lez, bidelagun izan dogu beti gure hizkuntza, euskera, eta gure esamoldeetan islatuta aurkitzen doguz iraun daben eta irauten lagundu deuskuen ikuskera batzuk. Agindu hitzak dakar gure hizkuntzaren irakasbide horreetako bat. Izan ere, agintzea berba emotea da, norbere gizartearekin konpromisoa hartzea, norbere buruari betebeharrak jartzea. Horixe dauka agintariena-k erroan gordeta; konpromisoa hartu daben pertsonen dantza.
Durangaldean lehenago gertatutakoek moldatu eta eraldatu dabe tradizioa, errotik aldatu barik, bere izaerari eutsiz. Egunotan, pentsiodunak eta emakumeak ibili dira dantzan, zahartzen doan gizarte bardinzaleago baten adierazgarri. Bardintasuna eta belaunaldien arteko alkartasuna agintzeko garaia da gaurkoa, bakoitzak bere buruari betebeharrak jarriz, ziklo barri baten dantzan.