Anboto astekarian, 2017.11.03an argitaratua.

Barriei jarraika, azken aste honetan Durango, Bartzelona, Brusela, Quebec, New York… eta beste hainbat leku bisitatu ditugu, bai zuek bai nik, ziur nago. 168 ordu baino gutxiagoan gertatu jaku guzti hori. Bidaia global horretan, tarteka gurera, Durangaldera, buelta ere egin izana espero dot; egiteko, eragiteko.

Munduaren handi-zabal horretan anonimoak garela uste dogu, eta ez da horrela. Bakoitzak egin daikean ekarpena bakarra da, ordezka-ezina. Pertsona lez gurean, eta Herri lez munduan, egiten ez dogun ekarpena ezin dau beste inork egin. Eta egin ezean, sortuko dan emoitza beste bat izango da, desberdina, bestelakoa. Beste gizarte bat, beste Durangalde bat, beste mundu bat. Gure eguneroko ekintza da, aldarriez haratago, herrigintzarako ekarpen eraginkorrena. Anbototik, Quebecetik, Durangotik, Gasteiztik.

Izan ere, munduko hiritarrak garena sarritan errepikatzen dan arren, munduan garenetik ibilten gara. Garen hori giza-kontestu baten eraiki da, komunitate baten, nahitaez. Ezin da norbanakoa izan komunitaterik gabe; komunitate bateko ezaugarriekin emoten da beti norbanakoa. Eta komunitatearen oinarrizko ezaugarriren bat baldin badago, hizkuntza izaten da hori. Komunitate hori, euskal gizartea dana aitortzen dogunok, euskara daukagu. Baita alkar-bizitza antolatzeko modu bereizgarri bat ere, alkartasunetik, ekintzatik, aniztasunetik, lanetik, bardintasunetik. Azken finean, pertsona edota Herri lez, inor izango bagara, gure ekintzan islatzen dan nortasun bat eraiki dogulako izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *