Anboto astekarian 2024.06.14an argitaratua.
Irudikatu egizu, anbotozale, 70 urteko pertsona bat. Pasibotasuna, gaixotasuna, gainbehera, gastua, eskaera, narriadura eta autonomia pertsonalik eza etorri badira zure burura… kontuz!
Datu objetiboek hurrengoa adireazten dabe: adinekoen %85a baino gehiago autonomoa dana eguneroko bizitzako jardueretarako; 65 urtetik gorakoen %10,5ak soilik dauka autortuta mendetasun-mailaren bat; gure herrietako boluntarioen %21,8ak 65 urte edo gehiago ditu; eta %43ak jarduera sozial eta/edo politikoetan parte hartzen dau.
Azken datu honeek kontuan hartuta, argi esan geinke adinekoen -hasieran azaldutako- beste irudi hori ez dala bidezkoa, ez datorrelako errealitate osoagaz bat. Eta ez da bidezkoa, estereotipo edadista horreetatik abiatuta jarduten dogunean bidegabekeria sozialak egin daikeguzalako. Horreek berrikustea premiazkoa eta garrantzitsua da; izan ere, estereotipoek, esparru mental gisa funtzionatzen dabenez, ondorioak sortzen dabez gizarteak adinekoei emoten deutsen tratuan.
1969tik badauka izena, bai, adinagatiko diskriminazioak. Adinkeria lez ezagutzen da… eta Nazio Batuen Erakundeak biharko eguna, ekainaren 15a, erabiltzen dau urtero Adinekoen Aurkako Tratu Txarrez hausnarketa eta jabekuntza eragiteko.
Askatasunaren bidean, adina ezin dau aurreiritzi mugatzaile barri bat bihurtu. Horregatik, oztopo mentalak, sozialak eta kulturalak eraitsi behar ditugu, adina ez daiten bizi-egoera izan. Datu kronologiko hutsa baino gehiago bada, adinkeria da eta!