Anboto astekarian 2024.11.22an argitaratua.

Zutabe “musikatua” dakart Santa Zezilia egunez agerkari honetara, Amerikako Estatu Batuetatik (AEB) datorren danbor hotsak arduratuta.

Demokraziaren mugek jarritako dezibelio maila gaindituko dabe hango agintari barriek, lehenago ere, egingo dabenaren entsegu gisa, kapitolioa indarrez hartu eben eta. XIX. mendean europar balioen partituragaz heldu bazan pertsonen eta giza taldeen askatasunetan oinarritutako sistema demokratikoaren soinua Atlantiar ozeanoaren bestaldera, indar barriz ekin beharko deutsa Europak, kontzertu barri honetan, sinfonia demokratikoa argi eta ozen entzun daiten, han eta hemen.

Aitzitik, Europako soinu bandara ere, Ukrainako inbasioaren eta Gazako sarraskien burrundara heltzen jaku, eta do-re-mi, horrek egiten dau min. Europak ondo daki gerraren soinuen barri… ez bat, baizik bi (mundu gerra) behar izan genduzalako batasuna jartzeko etorkizunaren sinfonia lez.

Ez dira nahikoa izango Brusela aldetik datozen lege itxurako partiturak… musikari bakoitzak bereari ekiten badeutsa. Europarrok badakigu joten; gurea ere Herri musikazalea, demokraziazalea da. Musika-tresna anitzen soinuak, modu harmoniatsuan zuzenduko dauzan lidergo barrien beharra dauka demokraziak munduan, eta orkestraren zuzendaritza Europari hartzea jagoko.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *