Anboto astekarian, 2018.09.14an argitaratua.

Lehenengo aldiz historian, gaur jaiotako umeak ehun urte biziko dira. Zientziaren aurrerabideak eta pasa dan mendean eraikitako punta-puntako osasun eta gizarte-babes sistemek, bizitzaren luzapena ekarri dabe. Urte gehigarri horreen saria baliotsua da. Baliotsuegia bizitzaren amaieraren luzapen soil lez hartzeko.

Ehun urte bizitzeko aukera izateak, bizitza osoa berpentsatzera eroan behar gindukez. Gaztarora arte formatu, heldutasunean ekoiztu eta zahartzaroan atsedena hartzea tokatzen dala errotu izan da gure gizartean. Hiru adin tarte horreek ondo bereiztu izan dira. Baina hori ahalbidetu daben inguruko faktoreak aldatu dira jadanik; 70 urte eskaseko bizi-esperantza, bizitza osorako lantoki bera, edota hiru belaunaldi batzen dituen etxeak, ez dira gaur gaurkoz gure gizartearen ezaugarri.

XXI. mendeak ehun urteko bizitza orokortuko dau. Begiratu eizue inguruan: garai baten ez-ohiko ziranak, hasi dira gurean zabaltzen. Hain gazte ez garela, gure trebeziak eguneratzeko eskolara bueltatzea ez da hain gauza arrotza. Tarteka, aita-ama izan edo etxekoak zaintzeko, geldialdi bat egiten dogu. Ehun urteko bizitza baten ohiko ezaugarriak dira egoera honeek.

Gizarte erronka handi asko daukagu, plazaratuak batzuk; pentsioak, migrazioa, kontziliazioa, besteak beste. Eztabaida publikoa, ehun urte biziko diran pertsonen zerbitzura egin behar dogu, joko zelai barri baten, bardindutako partidu baten luzapen amaigabean egon barik.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *