Anboto astekarian, 2018.06.22an argitaratua.
Anbotoko haitzaren azpian, Axpen, kokatutako jatetxe txiki bat munduko onenen artean sailkatu dabe sukaldaritzako adituek. Joan bedi lerrootatik, nire zorion mezua Etxebarri Erretegiko pertsonentzat!
Gure Herriarentzat irakasbide ederra dakar sari honek. Izan ere, bere txikitasunetik, nazioartean nabarmen agertzen dau gure sukaldaritza. Gure aurrekoen lapikoan egosia, osagai onenez hornitua eta pertsonek eragindako sukalkia dogu Axpekoa. Txikiaren errezeta honetaz baliatu beharko dogu gaur, bihar, etzi eta etzidamu, Herri lez biziraungo badogu.
Guk ez daukagu handien indarra eta boterea, baina hareek falta daben malgutasunaz eta ausardiaz jokatuz gero, begibistan dago, Etxebarrikoa eredu, nor edo nor izan gaitekezala nazioartean. Errezeta honetarako lehengai nagusia, pertsonak dira. Giza gaitasunak nahastu eta ura zana, saltsa bihurtzeko lana eta denbora baino ez dira behar.
Erronka demografikoak ere, aurrikuspena eta norabidea behar dau. Pertsonei jagokonean, aste honetan argitaratutako aurrikuspen demografikoen arabera, etorkinek mantenduko dabe euskal-lapikoa lehengaiz beteta, berariazko biztanleriak behera egingo daualako. Astitsu ibiltzea dogu gakoa, aurrikuspenez, sukalki demografikoa denbora luzez egosi beharrekoa da eta. Zentzu honetan, etorkinen bertakotzea herri-lan bihurtu behar dogu, Siriatik zein Oxfordetik etorriak izan.
Migrazioen nazioarteko saltsan, malgutasunez eta ausardiaz jokatuz, Herri estrategia izan beharko genduke etorkinekiko jarrera abegitsua, etorkizuneko lapikokoa beratzen joan gaitezan.