Anboto astekarian, 2018.05.04an argitaratua.
Historia baten azken zutabea eraitsi da egunotan. Eta Anboto astekariaren azken orrialdeko zutabe honetan, alkar-bizitzari egin gura deutsat omen, zutik iraun izan dauan euskal bizikidetzari.
Hurrengo hileetan nire lagun min batek aitatasuna estreinatuko dau. Pozik dago, ezin ezkutatu. Bizitza barri bat dakarre gurera; gertakizun handia, ez dago zalantzarik. Baina edozein bizitza proiektuk, sortzetik haratago bideragarria izateko, gizarte baten txertatu behar dau. Ume baten bizitza ere, besteen aiduru, alkar-bizitzaren esku geratzen baita jaio bezain laister.
Gurasoen zaintzaz, inguruagaz alkar eraginean, hazi egingo da. Hamarkadaz hamarkada eraiki eta belaunaldiz belaunaldi oinordetzen joandako alkar-bizitzan murgilduko da. Bere ekarpen bereizgarria ere egingo deutsa ondare horri. Eta lehen aldiz urte askotan, bere aita-amengandik soilik jakingo dau, garai bateko, bizitzaren ezbaiaz. Horrek egiten dau gurasoen poza handiago.
Izan ere, bizitza berezkoa ei da, naturala. Alkar-bizitza, aldiz, kulturala. Horrela behar leukean beti gurean ere. Alkar-bizitza ondare horrek emoten dau gizarte baten benetako aurrerabidearen neurria; dala bizikidetzan egindakoagatik, dala herrigintzan egindakoagatik. Zailtasunak zailtasun, euskal gizarteak, jakin izan dau bizikidetza jagoten eta herrigintzan irauten. Garai barri bat dauka aurretik, garenetik eraikitzeko.