Anboto astekarian argitaratua, 2011.03.04an.
Foru eta udal hauteskundeen atarian gagozan honetan, eta maiatzaren 22a hurbilegi izan baino lehen, alderdi politikoetako ordezkariei eskaera xume bi egin gura neuskioz; batetik, etorkizuneko Durango marrazten lagundu dagiela, eta bestetik, bete ezin dabenik zin ez egiteko.
Hasteko, adibide izan gura geunke EAJtik. Etorkizuneko Durango barri bat eraikitzeko atarian gagoz, kasu honetan, goitik behera barik, behetik gora. Bai, behetik gora haziko da Durango 2020ra begira. Trena lurperatzeak goitik behera itxuraldatuko dau herria. Egun, lubaki baten antzera, trenbideak herria zeharkatzen dau eta ordu laurdenero guztiz geldiarazi. Etorkizunean horrela izan ez daiten nahi dogu.
“Hasi lurpetik eta argitarantz begira, geltoki barri batek emoten deust ondo etorria Durango barrira. Ikuspegi ederra alde banatan; haranean behera, garai bateko hiltegia edegiten zan tokian zentro zibiko barria dakusat, bertan auzotarrakaz solasaldian egon eta gero, bizikletaz, trenbide zaharreko pasealekutik eraikin barritzaile eta barrien artean, San Fausto auzora heldu naz. Honeek be, auzo bizitza oparoa daukie; frontoia eta zentro zibikoa, biak hala biak eraikin dotoreak. Atseden hartzeko leku ederra Durangaldeko mendietara begira. Garai batean kotxeak baino ez ziran ikusten auzo honetako kaleetan, gaur umeak alai jostatzen dira”.
Horrela irudikatzen dogu Durango EAJkook; bizitzeko, gozatzeko Durango barria behetik gora!