Anboto astekarian argitaratua, 2010.10.22an.
Izenburuak hori aurreratzeko tentazioa badauka ere, ez deutsat gaurkoan zezenketen inguruko eztabaidari ekingo. Askoz interesgarriagoa deritxot ordea, pasa dan asteburu honetan Durangoko jaietako Zezenak dira izeneko ekitaldia dala eta, herri lez izan dogun jokamoldea aztertzeari.
Izan be, jendartean eta udal arduradunen artean, 16 urtetik beherako gazteak zezenak diran kale berberetan ebilzalako, ekitaldia bertan behera gelditzeko arriskua egoala zabaldu zanean, ziztu bizian eta erantzukizunez erantzun dogu. Udal arduradunek euren esku dagozan baliabideekaz eta herritarrok gizatasunaz.
Bai, gizatasunaz jokatu dabe guraso eta gazteek, arriskua onartuz eta 16 urtetik beherako gazteak zezenen ibilbidetik aldenduz. Ziurrenik, aste batetik bestera zezenen arriskua maila berekoa izango zan, baina jaietako ekitaldi ospetsuena, entzutetsuena eta zaharrena galtzeko arriskua areagotu zala ulertu dogu gutako bakoitzak. Eta hara herritarren erantzuna: gizatasuna!
Irakasbide on-ona emon deuskue herritarrek; orain udaleko osoko bilkuran herritar horreen ordezkariei gauza bera eskatzeko aukera daukagu, alkarri begiratu, alkar onartu eta gauzak alkarregaz egitea biderik aproposena danaz sinistuta. Txarriak beti ezkurrak amets… Lehenengo azterketa herri ordezkarientzat: ordenantza fiskalak; bigarrena: udal aurrekontuak. Iazko eran, aurten be, EAJk udal aurrekontu onenak ataratzeko lan gogotik egingo dau.