Anboto astekarian argitaratua, 2010.09.10ean.
Hasi dogu ikasturte barria eta ohiko martxari ekin deutsagu. Ohikoa… zoritxarrez, zordunak zorretan jarraitzen dabelako!
Madrilen zordun dira. 1979an onartu eta erreferendumean baieztatutako Lege Organikoa dan Gernikako Estatutua oraindik bete barik daukagu, eta zordunari, Estatuari, urtero-urtero joan behar gakioz zorra ordaintzeko eskatzera. Iaz Lan Politika aktiboen zorra bueltatzeko asmoz ziran, ordainduko ete dabe? Aurten zorraren beste zati bat berreskuratzeko lan egingo dabe EAJ-ko Madrilgo Gorteetako ordezkariek; ez izan zalantzarik.
Aurreko asteburuan gure herri honen zordunik handienak bere zor historikoa kitatzeko asmoa eukala pentsatzen hasita gengozanean, gure ametsetik atara gaitu errealitatearen krudeltasunak; ETAk ez dau Herri honekin daukan zorra kitatu, ez oraindik behintzat, ez guztiz sikiera. Zordunarekin baketan izango ginalakoan, benetako Bakea zor!
Aldiz, zordunak aspaldiko zor baten zatitxo bat ordaintzeari ekiten deutsanean, zorretan jarraitzen dauala ezin ukatu, bai, baina beharbada zorra kitatzeko asmoa daukala jakinarazten dabil… Ikusi nahi dodana eta benetan ikusten dodana nahasten dabilzan susmoa daukat.
Holangoetan, gure asaba zaharren hizkuntza jakintsuari so, honegaz egiten dot topo: zor zaharra, zor txarra! Nahiago neuke, barriz, beste honi ekingo bageunskio: gogoak malkarrak zelaitzen ditu.