Anboto astekarian argitaratua, 2010.01.15ean.
2008an hasita, EAJk gizarte eragileen, nazioarteko adituen, herritarren, kolaboratzaileen eta beste hainbaten laguntzagaz, 2020 urtean Euskadi izango zana amesten jardun eban. Handik, hainbat lan ildo zabaldu dira, bapateko inprobisaziotik ihes eginez, etorkizuna egunero eraikitzeko.
Durangoko EAJk, 2020ko Euskadiren eraikuntzan irmo, 2010eko udal aurrekontuetan lau ildotan egingo dau ahalegin berezia. Batetik, krisiak gogorren eragin deutseenei laguntzeko gizarte politikak indartuko ditu; herriak aurrera egitea ona da, baina pertsonez osotutako herria dala ahaztu barik.
Bestalde, herriko kultur erakundeen, alkarteen eta kolektiboen diru laguntza eskaerei inoiz baino diru gehiago bideratuko deutsagu. Durango eta durangarren izaera eta izana zaintzeko bidea dala ulertzen dogu, gure identitatearekin, kulturarekin, hizkuntzarekin konpromiso sendoa daukagulako.
2020ko Euskadi izango bada, 2010ean ere, lan egin behar dogu, Durangotik jasangarritasunaren alde; horretara bideratutako aurrekontua bikoiztu egingo dogu.
Azkenik, ezin doguz ahaztu, etorkizuneko ekonomi eragile nagusia izango diran barrikuntza eta formakuntza; udal eskumenak dagozan arloetan gogor ekingo deutsagu horri ere.
Aurrekontua, udalak daukan kudeaketa tresna garrantzitsuena da, eta politika egiteko modurik eraginkorrena; politika, hizki txikiz, egunero egiten dan lan apala dalako politika, herritarren arazoei erantzuten deutsan politika.
Arestian aipatutakoak gauzatzeko, non emon da murrizketa? Aurreko baten ere esan dogu, arduratsu jokatuko dogula. Hagatik, udalak antolatzen dituen ekintzetan aurrekontua murriztuko dogu. Horra hor gure erantzukizunaren adierazle argi bat.