Anboto astekarian argitaratua, 2009.10.30ean.
Aste honetan, egunero hartu ditu egunkarien azalak erakunderen batetako aurrekontuen barriren batek, dala Aldundietan aurreakordio bat lortzear dagozalako, dala Euskadiko proiekturen batentzat finantzatzioa lortu dalako estatuko aurrekontuetan.
Aitzitik, ikuspegi ekonomikoa ez da gura geunken bezain ona. Langabeziak gora egiten darrai eta ekonomia ez da suspertzen. Dudarik ez dago, honek arduratu egiten gaitu.
Durangori jagokonez, egoera honek udal zerbitzuetan islada izan dau. Izan ere, gizarte zerbitzuak lanez gainezka dagoz beharrizan barriei erantzuna emon gurean. Ez dogu inor patuaren eskuetan itzi nahi, eta horretarako eranzunkizuna behar da. Udazken aldera, urtero gure agintarien erantzunkizun maila neurtzeko aukera izaten dogu aurrekontuen eztabaida prozesuan, eta aurtengoan, inoiz baino gehiago, agerian geldituko da nork egiten dauan herriaren alde, herritarren alde, herriko interesen alde, bestelako esaldi eta berba lodiak alde batera itzita.
Durangok aurrekontu bat behar dau, krisi garaietarako aurrekontu bat, kontestu ekonomiko barriari erantzuna emoteko aurrekontu bat, durangarren beharrizan barriei erantzuteko aurrekontu bat. Batu bediz indar guztiak egoera ekonomiko honetatik ahal bait arinen urten gaitezen, inor bide bazterrean itzi barik.