Anboto astekarian argitaratua, 2010.06.11n.

Euskal esaera zaharrak dinoana aldatzen ausartu naz, atzo egindako Kurutzesantu museoaren zabaltze ekitaldira joan eta gero. Berez, museoak badau bere garrantzia, baina are handiagoa da Durangok azken urteetan turismoaren inguruan izandako garapen izugarrian txertatzen badogu. Izan ere, turismo bulegoak jasotako informazio eskari kopurua ia-ia bikoiztu egin baita 2009an, 2008ko datuekin alderatuz. 5.500 bisitarik egin dabe gurean ostera bat… 2006an erdira heltzen ez ziran bitartean!

Aitzin begirada bat eginez gero, 2006an eta 2009an Durangok eukazan baliabide kultural eta naturalak beretsuak ziran. Beraz, zer aldatu da? Datu hotzen ostean dagoana, lana da, ekimena. Turismo arlotik, azken urteotan baliabide turistikoak antolatzeko, izendatzeko, kalean ikurrak jartzeko, gure bisitari potentzialen perfila definitzeko eta ezagutzera emoteko lana egin da. Ez da hori ahuntzaren gauerdiko estula, ez horixe! (Han, beste atsotitz bat!).

Beraz, atzokoa, Kurutzesantu museoaren zabaltzea ez da ekimen isolatu bat, estrategia baten beste urrats bat baino. 2006an Durango bisitarientzako erakargarri izan eitekeala pentsatu eta horri ekin geuntsan, udal gobernutik. Eta orain, krisiak gogorren joten dauan honetan, bisitarien gorakadak gure herriko dendarien, tabernarien et alojamenduetako ugazaben kontu makalak apur bat gozotuko ditu.

Turismo arloan asko daukagu garatzeko gure eskualdean, baina egindako bideko ahalegina bere fruituak emoten hastea zoriontzekoa da. Dagoenean bonbon, ez dagoenean… ekin gogor!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *